XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Politika aldetik, Frantziarekin ez baino Bretainia Handiarekin loturik egon nahi izan duen korronterik izan da.

Bretoi kulturaren nortasun hori lantzeko sortu diren bi talde nagusi aipatu behar ditugu: Blenn Brug, 1905ean sorturiko mugimendu katolikoa; eta Ar Falz, 1933an sortutako mugimendu laiko eta sozialista.

Lan gaitza egin dute bi hauek.

Hizkuntzaren defentsarako ere badira beste bi: Emgleo Breizh eta Galv.

Bretoi identitate bilaketan kantuak izan duen funtzio guztiz garrantzitsua ere azpimarratzekoa da.

Kantua da, gainera, bretoiek gehien exportatu dutena zihurrenik, keltar doinu hori.

Hona kantarien zenbait izen ezagun: Glenmor, Kergiduff, Evgen Kirjubel, Alan Stivell.

Ez dago zalantzarik: bada mugimendurik Bretainian.

Duela zenbait urte, orain baino entzunagoa zen Bretainia, FLB delakoaren bonben prentsako oihartzunari esker.

Prentsaren politika zentralista dela medio, ia ezina da minorien herrigintzaren informazio jarraiturik biltzea.

Noizbehinka eta aldika soilik izan ohi dugu gutiengoen mugimenduaren berri.

Kondizio horietan, Mugimendu horren nondik norakoa, indarra, gorputza, zabaleroa, jendearekiko intzidentzia hurbildik ezagutzea ikaragarri nekeza gertatzen zaigu.

Nolabait bederen minoria baten inportantzia neurtzeko, eta elkarren artean gonbaratu ahal izateko, klasifikatze bat egin du Heiko Sagredo de Ihartza jaunak, argitara berria duen liburu batetan.

Europako mugimendu etnikoak oro, hierarki ordena batetan jarri ditu Krutwigek.

Erizpide honekin: mugimendu etniko bakoitzaren egiazko ekintza, hau da, mugimendu hori herrira bertara iristen den ala ez, eta bere buruaren defentsa antolatzeko gauza den ala ez azterturik.

Erizpide honen arabera, lehenengo lekuan erresistentzi mugimenduak jartzen ditu berak, alegia, Euskadi eta Irlanda.

Bigarren lekuan dator Bretainia, beste hauen konpainian: Catalunya, Korsika, Sardinia.

Herri hauetako erresistentzia eta burruka ez omen dago sare baten gisa herri osoan zabaldurik eta antolaturik, dio Krutwigek.

Lehen urratsak

Jenderia osoa nazionalista izaterik ez omen du oraindik lortu bretoi mugimenduak.

Oso gogor kritikatzen ditu Heiko Sagredo de Ihartzak aipatu liburuan bretoien mugimenduak, hala kulturalak nola politikoak.